venerdì 28 gennaio 2011

Euskera egokia

Ondo definitu behar da euskara egokia zer den, iritzi pertsonal hutsa izan nahi ez badu behintzat.

Guk irizpide zientifikoak aplikatu ditugu definizioan eta egokia hauxe da: testuingurura egokitzen dena, hots testuinguru soziokulturalera eta  horrek euskarrian hartuko lukeen lekurako egokia dena, kotesturako.

Behin egokitasunaren atetik pasatu garenean, ikusi ditzagun bada euskera egokirako zein puntu diren garrantzitsuak multimedia diskurtsoari buruz ari garela.

  • Generoa: testua egokitasunera eramaten du, haren arauak badakizkigulako. Erreportaiak ere bere eredua jarraitzen du hala.Ohituta gauden eskema, errutina alegia.
  • Erregistroa: parametro ezberdinak daude hemen: testuinguruaren ezaugarri guztiak hala erregea: hartzailea 
(honetaz komunikatzaileak jakin beharko luke ahal duen guztia. Eta horren arabera kudeatuko da informazioa, zelan esan, nori, nola, zein euskarritan...)
  • Estiloa: genero eta erregistroak zabalik utzitako uneetan bereganatzen duguna. Hedabideetan estiloa audientziari begira diseinatzen da. Aukera pertsonala ere bada hein handi batean. 

giovedì 27 gennaio 2011

Marrerok dio

Erreportaiak aldaketak jasan dituela sarera moldatu denean, eta zera, kazetaritza generoetatik sarean pagots handiena aurkitu duena da. Hala, aldaketa gehien jaso dituena eta euskarrira gehien egokitu dena.

Sarean hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibitatea aurkitu ditu beste barik erreportaiak. Hiru ezaugarri horiek espresioan laguntzen diote erreportaiari. 

Hipertestuak hartzaileak, jada erabiltzaileak, zentzua emango dio webguneari berak aukeratutako bideetatik abiatuta. Informazioaren unitateak alkarren segidan irakurtzen dira, baina ordena ezberdina izan daiteke. Hala informazioa mailakatua ematen da, baina hierarkizatu barik, bata bestearen osagarri delarik ordea. 

Hipertestuak bestalde informazioari, kasuko erreportaiari sakontasuna eman, mezua handitu, zabaldu, konparatzea ahalbidetzen du. Ez ikuspuntu heterogeneoa ematearen aldetik bakarrik, baizik eta begirada bideratuaz baita ere. 

Erreportaiak interpretaziorako perspektiba oso osorik bereganatzen du sarean, hala, azalpenerako genero egokiena izatera helduaz. 

p.d. hala ere erreportaiak ekarri dio sareari beste aportaziorik, sareagatik  ez balitz erreportaiak ere edukiko ez lituzkeenak agian; hunkitzeko ahalmena - multimedia, eta hipertestu barik helarazi ezin zen atzekaldea, interaktibitatea bultzatzen duena alegia-

Portadak

Karatulen lehiaketa batera baino gehiagotara aurkeztu izan dut nire burua. Afizioa izan da hainbat urtetan zehar, gustoko denborapasa, erlajaziorako bide. Afizioa, esan bezala, gauzak egiteko arrazoi.

Gogoan dut behin hala Espainiako Estatuko hirugarren saria lortu genuela ONCEko lehiaketa batean, itsua zen gitarrajole baten cd-rako portada izango zena -ez dut izenik gogoratzen, zazpi bat urte nituen-.

Orduan Xabier Leteren kitarraren sabela , ortzadarraren koloreak eta solfeoko klaseetan lantzen ari ginen kantuaren notak marraztu genituen. Nirekin batera beste bi artistek, Anek eta Amaiak.

Noski, hori Espainiako Estatuan beste era batera irakurria izan zen, han guitarra zela ulertu zuten, eta ortzadarra beharrean plastidekor kaxako baldintzak ikusi zituzten, hala indarra galtzen zuen hirugarren sariaren lekua hartu ahala. Kitarraren estomagoa etzuten ezagutu. Lastima.

Honekin esan nahi dut irudiak eta istorioen loturak guztiz pertsonalak direla. Aldi berean guztiz esanguratsuak. Eta nik askotan liburu bat ez dudala hartzen portadagatik.Lastima.  Eta aldi berean nire lehiaketetarako lanak ez direla aukeratuak izan emandako edo ostantzean ulertutako esanguragatik. Lastima.

p.d. pentsatzen jarri naiz behin baino gehiagotan zein harreman dagoen begiratzen duenaren eta hitz egiten duenaren artean? entzuten duenaren eta marrazten duenaren artean? Gogoko dut gogoeta hau

Berezia da sarean

Hipertestua, informazioa unitate komunikatibo askotan banatzea, hartzailea erabiltzaile gisa ulertzea eta sormena aurkitu ditu erreportajeak sarean.

Hipertestuak informazioa jateko ohituak geunden ordena aldatu du. Postretik hasi zaitezke orain, eta gura baduzu kafea lehengo plateraz hartu, amaieran. Horrek, gainera, lehen mailako informazioa sinpleagoa izatea albidetzen du, diskurtsoari dagokioenean. Gero, hipertestuak sakonduko baitu informazioa. 

Sarean unitate komunikatibo ugaritan banatzen da erreportaia. Bata bestearekin lotuta daudelarik, hala, informazio zati txikiek osatuko dute erreportaia, bata bestearen osagarri izanaz, nola ez. 

Zein unitate diskurtsibo den bestea baino garrantzitsuagoa? kazetariak helarazi dezake, baina erabakia hartzaileak du. Puntu honetara helduta, azpimarratu gura nuke, hor, sekulako garrantzia duela diskurtsoaren testuratzeak. 

Diskurtso horrek, hain zuzen, erreportaiaren linea eta haren informazio zuzena emanaz esan behar diolako aldi berean hartzaileari informazioa hainbat unitate didaktikok osatzen dutela, irrika piztu behar dio gainera hauek kontsumitu ditzan eta unitate batetik besterako saltoez (hipertestuen erabilera) informazioa osatzen eta sakontzen doaneko sentsazioa eman beharko lioke hartzaileari.

Esan gabe doa formatu bakoitzak bere ahozko diskurtsoa behar duela, irrati saio baten gehiago azaldu beharko da ikusentzunezko baten baino eta abar.

p.d. ezta erronka makala gastronomiaz baldin bagabiltz helburu horiek aldi berean betetzea, baina hori lortu behar du erreportailariak, osagaien bila jarrai dezan hartzaileak

mercoledì 26 gennaio 2011

Argazkilaritzaz arduratuta MSF

Argazkilarien izen abizenak, hauen biografia eta beraien curriculum vitaea. Barrua ikutzen diguten irudiak. Ikututako koloreak. Larritutako larrialdia. Artea zitekeen, bai, baina ez da. Ez dela diote behintzat. Medicos Sin Fronterasek egindako desnutrizioaren kontrako kanpaina da, beste barik.

Beherago azaltzen dute kontaktua, beraiek non aurkitu ditzakezun, zein herrialdeetan laguntzen duten eta irudiak.

Irudiak berriz ere, orain beste autore batenak. Eta irudi horiek New York, Toronto edota Milanen zein egunetan erakutsiko diren zehaztapena.

Pentsatu dut nik ere, hasieran, argazkiak hangoa erakusteko egiten dutela eta hala balitz zabalduko lituzkete lau haizetara... baina bosgarren klikean aurkitu dut ONGaren pribatutasun politika. Arranopolak!

Zerbait etorri zait bapatean burura. Ezaguna, ONG hau baino hurbilekoagoa dudan ziberkeriarenbat eta hor non konturatu naizen azken kafe tragoskadan lagun baten webgunearen egitura. Lolartestudio da bera.

Begoña Castañon argazkilariaren argazkiguneak badu zentzurik, eta argazkilaritzagatiko ardura handia. Komertziala izateko jaioa delako. Aurkitzen dittu egokienak eta hauek testuinguru ezberdinetan kapturatu, eta bizi da halaxe Leioatar argazkilari gaztea.

Tematika izan da ONGaren eta LOLARTESTUDIO argazki gunearen arteko diferentzia. batak desnutrizioa ateratzen du besteak erretratuak, kreatibitatea, moda eta paisaiak. Begoñaren orrialdeko pribatutasunak badu zentzurik bere lanak artelan zantzua badute.

Bai eta esan didate emaitzak lortu dituela Medicos Sin Fronterasek. Sekulako jende pila dutela dirulaguntzak ematen. Eta jendeari eragin diotela barren barrenean.

Bai, niri ere eragin didate. Barrurago eragin gainera. Emaitzak lortu izanak ez du inportik. Dirua emateak baino gehiago inporta du kasu honetan zertan zabiltzan jakiteak. Desnutrizioaz nik ere amaitu nahiko nuke. Baina gauza ez da sekulako ingresuak lortu eta korbata jantzita solidarioak garela esatea. Gauza ez da hirugarren munduan laguntzen duzula esanda lehengo munduan leaderra izatea.

p.d gai berdina landu eta arrazoi berdintsuak azaldu nituen aurreko MSF artikuluan, gauza da diskurtsoaren testuratze, egituratze eta testuinguruaren ardurak hartu dittudala oraingoan. Egokiagoa iruditzen zait diskurtso hau

Sautrela kualitatiboa da

Hasier Etxeberriaren ahotik entzun dut. Telebistan literatura programa batek salbaziorako zein kit behar duen.

Izan buruan denok Sautrela saioa, badakit eta entzutez bada ere, edota izen soilaz bada ere ezaguna duzuela. Imaginatu orain honen publikoa txikia dela literaturari buruz aritzen delako, murriztu orain publiko hori lau bakartietara, euskal literaturaz ari baita.

Ez ahaztu ,ordea, telebistako programa bati buruz ari garela! Hau da edo audientzia duzu edo zoaz kalera, hortxe lema.

Baina zenbat balio duten ikerketa eta inkesta kualitatiboek , kuantifikazioaren gainetik. Sautrelaren audientzia lurraren altueraren parekoa baldin bada, nola aurkitu du kaxa elektrikorako lekua? Bada ikerketa kualitatiboetan jendeak aipatu egiten duelako, jendeak ezagutzen duelako Sautrela eta jendeak badakielako ikusi beharreko programa dela. Nahiz eta gero inork ez duen ikusten.

Sautrela ez da audientziak harrapatzeko sortua izan. Eta gero konturatzen zara audientzien menpe lana ez egiteak telebista kate batean zenbat balio duen. Izen ona ematen dio gainera eitbri, nola kenduko zuten? Gainera Eroski, bere izen onaren alde bera ere, honen babesletzan sartu zen.

Ez da logikoa. Literatura da. Sautrela hori eta literaturagatiko maitasuna da, literatura ulertzekoa eta ez mundua,  ez audientzietaz aritzeko. Gogoa da Sautrela, Sautrela berezia da eta kualitatiboa aukeran.

p.d. Hasier Etxeberriaren esaldietatik hau azpimarratu nahiko nuke "afizioa gauzak egiteko erabili"

martedì 25 gennaio 2011

Ahozkotasuna multimedia diskurtsora

Testuinguratze eragiketak, egituratze eragiketak eta testuratze eragiketak hartu behar ditugu kontuan multimedia diskurtsoa eraikitzeko prozeduran.

Lehena aipatutako eragiketa, testuinguru sozio kulturalean eta internetaren testuinguru bereizgarriari erreparatzea da. testuingurua ez da begiekin ikus daitekeen zerbait, zentzumenekin hautematen dena baizik. Eta berau, komunikazio ekintza konkretu horretan parte hartzen duten guztiek osatzen dute: hartzaile zein helarazten duenak.

Esan nahi dut, testuinguruarekiko eskema orokorren erabilera ez nukeela bultzatuko, testuinguruek dinamikoak behar dutelako izan. Eta bestetik, unean unekora moldatu behar delako ahozko diskurtsoa, inprobisaziotik beti izan behar duela zerbait alegia.

Egituratze eragiketak hipertestuaren egiturari dagozkio. Hau da interneteko sare handi horretan barrena, non, zeren azpian, zeren gainean eta zeren tartean egongo da eraikitzera goazen diskurtsoa? esan direnak ez errepikatzeko, eta inguruak mugatu egiten duelako da bereziki garrantzitsua.

Testuingurua eta azkena aipatutako kotestuaren egoerak eta horretarako moldaketak gainditu ditugunean testuratuko dugu gure diskurtsoa. Multimedia erreportaiari egin nahi diogun ahozko testua alegia. Atal honetan hartuko diren erabakiak linguistikoak dira erabat. Hitz bat baztertuko dugu beste bat aukeratzeko, eta hitzak batuko ditugu ulermena errazteko. Doinua egokitu, eta dinamikotasunean barneratuz diskurtsoa eraiki arte.