martedì 15 febbraio 2011

Neure euskaragatiko gogoeta


Nere jatorrizko euskara bizkaiera da gipuzkoarra naizen arren. Aretxabaletan hala itzegiten da ,bizkaieraz, eta nik neuk  ere nire sorterriko berba modua dut. 

Eskolan ere hala aritzen ginen denok, gure herriko euskaran. Baina behin unibertsitatera pasata eta komunikazio ikasketetan barrena euskera batua hobesten zela esan ziguten. Nik batuan idazteko arazorik ez dut sekulan izan, eta idatziak lasai egiten nituen.
Esan gabe doa nire euskalkia ez dela euskalki guztiz itxia, bai bizkaiera da baina garbia. Hau da, hitz mozketak-eta ez dira ugariak. Ez dela Lekeitio edo Ondarruko baten euskalkia bezalakoa hobeto ulertze aldera. 

Nik horrekin ulertua nuen euskalkia ez zela komunikabideetarako egokia. Hauek herri edo bailararakoak ez badira behintzat. Eta gogoeta horri mila bira eman dizkiot hainbat denboran, master honetan -multimedia komunikazioa masterrean-  mezu ezberdina jaso dudan arte. Hau da, euskalkiak erabiltzeko aukera egokia dela beti ere euskera egokirantz bagoaz, noski. 

Egia esan aukera honek pozten nau, zeren eta uste dut euskalkiak komunikabideetan, hala irrati telebistan gehiago sustatu behar direla. Ahozko testuetan batez ere. Zergatik? Bada beste espresatzeko gradu bat aurkitzen dugulako, pertsonalki, euskalkietan. Eta hauek ezean erdarara jotzen dugu.
Ez da berdina esaterako  “lelo hori!” edo “leluoi!” esatea. Esateko moduak indar gehiago ematen diolako hitzari. Eta esaldi bera batuan esateko, askotan nahiago dut erderaz esan eta hor dator porrota. Porrota edo egokitasunaren galera. 

Wazemank telebista programak horretan irabazten duela uste dut (beno zuela). Jakin badakit, ongi jakin ere, berriak emateko egokiena ez litzatekeela horregatik esan dut erabilera sustatu behar dela egokia den kasuetan. Eta dagokion neurrian.
Ez dut erreferente zehatzik euskal telebistan edo komunikabideetan, Alkain ez bada, izugarri gustoko dudanik. Baina hala ere azpimarratu nahi dut euskara pertsonala egiten dutenak gustoko dittudala. Hau da, bakoitzak bere estilo propioa izatea. Eta ez guztiok batuera, bardin bardin egiten dugunean. Badirudi beti pertsona bera ari dela hizketan horrela. 

Gustatzen zait  hizkuntzari dagokionean sinónimoak erabiltzea. Baina horretarako lexikoa ondo ezagutu behar da. Are gehiago maite dut euskalkietako hitzak sartzea sinónimo gisara.
Askotan entzun dut ,euskararen inguruan, esaten asmatu egin behar direla hitz berriak, lehengoak zahar gelditu direlako eta gazteeri haiek erabiltzea ezin zaielako eskatu. Ba nik uste dut, hitz asko asko eta asko daudela, asmatu barik eta tradiziotik hartuz erabat funtzionatzen dutenak. Wazemank adibide gisara.
Gaztea irratian asmatu egiten dituzte gehiago, baina pertsonalki ez dut gustoko. Erderakada gehiegi erabiltzen dutela iruditzen zait “moloia”, “fantasiosoa” eta horrrelakoak. Hala ere esan beharra dago gai komertzialak lantzen dituztela euskaraz eta sekulako arrakasta dutela. Hau da euskararen erabilera, gainera sustatu egiten dutela. Beraz ez dut arrazoirik honi kontra egiteko. 

Hainbat telebista saioetan hizkuntzarekin jolas egiten dutenetan gustokoa izaten dut baita ere. Agian literarioagoa delako. Hitz bati bi esanahi ezberdin aterata bromak egitea eta abar. Eta horiek diskurtso edo testu formalean sartzea, hizkuntzaz disfrutatze aldera baita ere. Ez baita bakarrik gauzak matematikoki helarazteko. Hau ere, beti, ahalbidetzen duten programetan ez beste inon. 

Hemendik aurrera ordea beti saiatuko naiz nire bizkaiera hau modu egokian sartzen, aberasgarria dela uste baitut, guztiz. Horretarako agian bizkaiera jasoa ere landu beharko nuke, aurkera gehiago izateko gero. Baina inoiz ezin da galdu bakoitzak bere herriko hitz xelebrerenbat erabiltzearena. Bat edo, eta asko erabili jendeak esanahia bereganatu arte. Eta gero hitz horrekin komunikatzailea identifikatu arte. 


NORTASUNA komunikazioan gauza handia da, eta euskalkiak horretarako aukera besterik ez dira.

domenica 30 gennaio 2011

Profesionalkeriak

Unescoko Dame Un Minuto de Agua premiazio ekitaldian izan nintzen ostiralean. Jende profesionala bai, baina gala ez zen batere profesionala izan. Entsegu falta somatu nuen, izen handia edukitzeak bermatzen ez duen bikaintasuna. Izendatu gabe gelditu ziren finalista batzuk, ordenagailuak izan zuen zotin batean.

Lagun bati hotsegin diot arrastian, hau idazten jarri aurretik. Zoriontzeko deitu ere eta esan dit Diplomatura ekitaldia lotsagarria izan zela Ostiralean , Euskalduna Jauregian. Familia, erropa berri edo are okerragoa dena ilusioz beteta diploma jasotzera joandako hiru lagun izendatu gabe gelditu zirelako. Eta azterketa guztiak egindakoak ziren beste guztien pare.

Greba egin genuen Ostegunean, izen handi batzuk hartutako erabakiei aurre egiteko. Eskubideak aldarrikatzeko. Herria lau izen handiren kontra. Miloiak erabaki bakarraren aurka.

De la Iglesiak dimititu egingo du.  Herriatarron babesetik ez duelako ezer Sinde legeak. Eraiki dugun birtualkeriatik ez behintzat, zentzua kentzen baitio.
Maite dut zinema zuzendaria bera, baina hala ere uste dut hartutako erabakia ez dela inteligenteena. Eta esan diot gainera, esan beharra nuelako, twitterretik.

Gogoeta hauekin konturatzen naiz, eta zoriontsu egiten nau gainera, herritarra izen handien pare jartzen dela. Herria bera, hitza, izen handia dela.
Profesionalkeria bereganatutakoan izen handia eman eta ttikia ez ikusteak duen gaitza. Entseguak egiteari uztea, bere tamainakotan bakarrik pentsatzea. Euskaraz ahaztutzea, bapatean , ez omen duelako balio mundu englishatuarentzako.

Baina izen handiak hor dira, maite dittugun konnotazioak derrigortuta bereganatzen dittuztelako. Solidarioak, ongizatezkoak, bikaintasunerazkoak ei dira. Profesionalkeria diplomatikoa da.

p.d. herriak dittuen profesionalen mailako profesionalak balitu profesionalkeriak 

Hikea

EITBren hizkuntza-ezagutza kudeatzeko aplikazioa da HIKEA.

Kontsultatu nahi duzun hitza bertan idatzi eta bilaketa hasten da. Izen geografikoak, artelanen izenak (itzuli baldin badira) , lagunarteko forma hobetsiak, esamoldeak, biologia arloko hizkuntza zientifikoagoa duten fitxak ere batzen dira hiztegi bilaketan.

Hala ere, argibideen bilaketa ere egin daiteke bertan. Hau da testu bikain bat nola antolatu, ahoskera egokia zein litzatekeen edota testuen arretaguneak zeintzuk izan behar diren argitzen dituen arloa da.

Guztiz interesgarria da era berean esapideen hiztegia , hala pastoralena.

Testu bat osatzean, ordea, alderdi garrantzitsuena bakoitzak bere estiloa markatzea da. Eta estilo pertsonal hori honako puntuetan laburbiltzen da:

  • jatorrizko euskara
  • eredugarrien jarraipena egitea
  • gustatzen zaizkizun moduak lantzea eta hortik erabakiak hartu metaforak, berba konkretuak, egiturak...eraikitzerakoan
p.d. pentsatzen jarri zuk ere izango duzu eta zure estiloa, nortasuna, eta testuak egokitasunetik eta kalitatetik edaten badu ere , behar du estilo bakarretik ere zerbait eduki

Hizkuntza kalitatea eitb

Asier Larrinagari adi entzun diot nola gestionatzen den hizkuntza kalitatea eitbn. Eitbn, hala, badago hizkuntza kalitate ardura duen saila eta hauen ardura da testuen kalitatea zaintzea. Telebistaren kasuan, gainera, arloka antolatzen dute eginkuzuna. Albistegiak / kirolak, barne produkzioa eta kanpo produkzioa dira arlo horiek.

Zuzeneko emankizunetan aldez aurretik hartu behar dira hizkuntzaren kalitaterako erabakiak, hala neurriak. Denbora badago, testuak aireratu aurretik zuzenduko dira (pelikulak, serieak...).

1987tik aurrera hasi ziren hizkuntzalariak eitbn lanean. Ordutik bi estilo liburu argitaratu dira. 1991. urtean Manu Arrasatek eta bigarrena 2007.urtean Asier Larrinagak berak.

Azken estilo liburu honen erabiltzaileek HIKEA aplikazioan aurkitu dezakete liburua modu samurrago batean erabiltzeko aukera. Bertan hiztegi orokorra, terminologia, gramatika, esaerak nahiz eta pastoralen hiztegia ere bildurik direlarik.
Aplikazio honek, bokazio entziklopedikoa du erabat. Momentuko dudak batzen dituelako eta pilatu, berriz beste behin agertuko badira ere.

p.d: eitb gorrentzat emititzen hasi da urtarrilean , azpi egitura ez da handia, baina hasi da

venerdì 28 gennaio 2011

Euskera egokia

Ondo definitu behar da euskara egokia zer den, iritzi pertsonal hutsa izan nahi ez badu behintzat.

Guk irizpide zientifikoak aplikatu ditugu definizioan eta egokia hauxe da: testuingurura egokitzen dena, hots testuinguru soziokulturalera eta  horrek euskarrian hartuko lukeen lekurako egokia dena, kotesturako.

Behin egokitasunaren atetik pasatu garenean, ikusi ditzagun bada euskera egokirako zein puntu diren garrantzitsuak multimedia diskurtsoari buruz ari garela.

  • Generoa: testua egokitasunera eramaten du, haren arauak badakizkigulako. Erreportaiak ere bere eredua jarraitzen du hala.Ohituta gauden eskema, errutina alegia.
  • Erregistroa: parametro ezberdinak daude hemen: testuinguruaren ezaugarri guztiak hala erregea: hartzailea 
(honetaz komunikatzaileak jakin beharko luke ahal duen guztia. Eta horren arabera kudeatuko da informazioa, zelan esan, nori, nola, zein euskarritan...)
  • Estiloa: genero eta erregistroak zabalik utzitako uneetan bereganatzen duguna. Hedabideetan estiloa audientziari begira diseinatzen da. Aukera pertsonala ere bada hein handi batean. 

giovedì 27 gennaio 2011

Marrerok dio

Erreportaiak aldaketak jasan dituela sarera moldatu denean, eta zera, kazetaritza generoetatik sarean pagots handiena aurkitu duena da. Hala, aldaketa gehien jaso dituena eta euskarrira gehien egokitu dena.

Sarean hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibitatea aurkitu ditu beste barik erreportaiak. Hiru ezaugarri horiek espresioan laguntzen diote erreportaiari. 

Hipertestuak hartzaileak, jada erabiltzaileak, zentzua emango dio webguneari berak aukeratutako bideetatik abiatuta. Informazioaren unitateak alkarren segidan irakurtzen dira, baina ordena ezberdina izan daiteke. Hala informazioa mailakatua ematen da, baina hierarkizatu barik, bata bestearen osagarri delarik ordea. 

Hipertestuak bestalde informazioari, kasuko erreportaiari sakontasuna eman, mezua handitu, zabaldu, konparatzea ahalbidetzen du. Ez ikuspuntu heterogeneoa ematearen aldetik bakarrik, baizik eta begirada bideratuaz baita ere. 

Erreportaiak interpretaziorako perspektiba oso osorik bereganatzen du sarean, hala, azalpenerako genero egokiena izatera helduaz. 

p.d. hala ere erreportaiak ekarri dio sareari beste aportaziorik, sareagatik  ez balitz erreportaiak ere edukiko ez lituzkeenak agian; hunkitzeko ahalmena - multimedia, eta hipertestu barik helarazi ezin zen atzekaldea, interaktibitatea bultzatzen duena alegia-

Portadak

Karatulen lehiaketa batera baino gehiagotara aurkeztu izan dut nire burua. Afizioa izan da hainbat urtetan zehar, gustoko denborapasa, erlajaziorako bide. Afizioa, esan bezala, gauzak egiteko arrazoi.

Gogoan dut behin hala Espainiako Estatuko hirugarren saria lortu genuela ONCEko lehiaketa batean, itsua zen gitarrajole baten cd-rako portada izango zena -ez dut izenik gogoratzen, zazpi bat urte nituen-.

Orduan Xabier Leteren kitarraren sabela , ortzadarraren koloreak eta solfeoko klaseetan lantzen ari ginen kantuaren notak marraztu genituen. Nirekin batera beste bi artistek, Anek eta Amaiak.

Noski, hori Espainiako Estatuan beste era batera irakurria izan zen, han guitarra zela ulertu zuten, eta ortzadarra beharrean plastidekor kaxako baldintzak ikusi zituzten, hala indarra galtzen zuen hirugarren sariaren lekua hartu ahala. Kitarraren estomagoa etzuten ezagutu. Lastima.

Honekin esan nahi dut irudiak eta istorioen loturak guztiz pertsonalak direla. Aldi berean guztiz esanguratsuak. Eta nik askotan liburu bat ez dudala hartzen portadagatik.Lastima.  Eta aldi berean nire lehiaketetarako lanak ez direla aukeratuak izan emandako edo ostantzean ulertutako esanguragatik. Lastima.

p.d. pentsatzen jarri naiz behin baino gehiagotan zein harreman dagoen begiratzen duenaren eta hitz egiten duenaren artean? entzuten duenaren eta marrazten duenaren artean? Gogoko dut gogoeta hau